XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jean-Louis Maitia, gogoan zaitugu

URTE bat, Jean-Louis, tanpez utzi gaituzula, zure laneko mahain gainean hil-hotza auzo batek aurkitu zintuela, 55 urtetan.

Euskal Kulturako lankide guziak harriturik ginaudela.

Zu Gizon ixila, bainan beti pentsaketa, beti aintzina begira, lemazain zuhurraren gisa, gune latzak ikertu eta arta haundirekin gainditzeko.

Iragana aztatu eta igaitekoa aztertu, buruberokeririk gabe, zure ixiltasunean alderdi on eta txarrak aintzinetik ausnartuz, gero urrats alfer edo dudakorik ez emaiteko gisan. Osoki gizona zinen.

Usna haundiko gizona. Euskal liburugintzaren alor idorrean zuk ideki duzu ildo paregabea, euskalzale eta idazle batzuen inguruan, euskal liburugintza jesusean zagolarik oraino.

Ezterengibeleko artzain semea Iparraldeko ikastolen itzain eta euskal kulturaren akulari bilakatu zira, batere arrabotsik gabe, ezti-eztia, ixil-ixila, lan eginez.

Ez zen ohore gose zion zure lankide hurbila izan-den batek, igandean, Saran egin den zure omenaldi-kantaldia hastean, gizon argia eta xuxena zen.

Hamabortz bat urtez, mugak desegin aintzin, Ipar eta Hegoaldeen lotura egin zinuten euskal liburu eta diskak, izen berarekin Donostian eta Baionan libroki saltzeko, zure adixkide Joseba Jakarekin.

Bai eta sortu, geroa segurtatzeko, Elkarlanean Fundazioa. Orai biak zenduak, zorigaitzez, bainan beti bizirik euskalzaleen bihotzetan.

Jean-Louis Maitia, zure obrak jarraikiak dira artoski eta zintzo Elkarlanean.

Baionako hiriak ere zure izena emanen dio egun batez Baiona ttipiko karrika edo gune bati.

Zeren, duela zonbait urte zuk asmatu zinuen, San Andres auzoan, euskal liburu eta kultur alorreko saltegi haundi baten plana, kultur gune berezi bat, Baiona ttipiari animazio kultural bat emaiteko, hainbat ikasle den auzo horretan.

Zuk asmatu gune hori, Baionako Herriko Etxeak laster obratzeko xedea omen du!

Beti gurekin zaude, Jean-Louis, zure ametsa gauzatzera doa. Baiona bera zuk landu ildotik abian da.

Ez adiorik, ez zaitugu ahanztekoa!